HOME > ARGITALPENAK > XEHETASUNA
HOME > ARGITALPENAK > XEHETASUNA
2018ko-06-06
Gorroto-gertakariei edo gorroto-delituei (izan daitezkeenei) buruzko datu orokorrek aditzera ematen dutenaren arabera, halako egonkortasun bat agertzen du 2016an (146 gertakari; horietatik 22 arau-hauste administratiboak) eta 2017an (143 gertakari; horietatik 14 arau-hauste administratiboak) Euskadiko gorroto-mapan erregistratutako errealitate kriminologikoak.
Babestutako kolektiboei dagokienez, hiru zerrendako egitura ikusten da mapan: kolektibo etnikoa dago jasotako delitu-gertakarien % 70 ingururen jomugan; kolektibo sexuala da gutxi gorabehera % 25en xede; eta bada beste talde batzuez osatutako multzo heterogeneo bat (gaixotasuna, desgaitasuna /aniztasun funtzionala duen pertsona, adina, aporofobia, maila sozioekonomikoa eta familia-egoera), erregistro kopuru txiki-txikia duena. Zifrak ez dira oso adierazgarriak oraindik, baina badirudi arabiarrak, beltzak eta ijitoak agertzen direla gorroto-gertakari gehienen jomugan.
Delitu-gertakarien artean, agidanez lesioek dute multzo ugariena izateko joera (guztizkoaren % 18 eta % 30 artean 2016an eta 2017an, hurrenez hurren), eta atzetik datoz mehatxuak eta gorroto-diskurtsoa adiera hertsian (ZKren 510. artikulua). Hiru multzoak batuz gero, jazotako delitu-gertakari guztien % 60 baino zertxobait gehiago dira bai 2016an bai 2017an.
Ekintza bidezko gorroto-delituen (hate crime) multzoa –lesioak, kalteak, indarkeriazko lapurretak– guztizkoaren % 35 izan zen 2016an eta 2017an. Hitz bidezko gorroto-gertakariak (hate speech: gorroto-diskurtsoa), adiera zabalenean (ZKren 510. artikulua, mehatxuak, derrigortzeak, irainak, tratu apalesgarria...), aldiz, % 60 inguru izan ziren.