EU ES EN

HOME > ARGITALPENAK > XEHETASUNA

HOME > ARGITALPENAK > XEHETASUNA

Gorroto-gertakariak Gipuzkoan

2020ko-12-04

2016 eta 2019 artean 106 gorroto-gertakari erregistratu dira Gipuzkoan; zeinetatik 100 delituak diren (%94,34) eta 6 arau-hauste administratiboak (%5,66). Datu horiek urteka banakatzen badira, ikus daiteke 2016an 15 gorroto-delitu eta arau-hauste administratibo bat erregistratu zirela, 2017an 29 gorroto-delitu eta 2 arau-hauste administratibo erregistratu zirela, 2018an 33 gorroto-delitu eta ezein arau-hauste administratibo erregistratu zirela, eta 2019an 23 gorroto-delitu eta 3 arau-hauste administratibo egin zirela. Ondorengo grafikoek azken 4 urteetako gorroto-gertakarien eta gorroto delituen bilakaera erakusten dute, hurrenez hurren.

Egia bada ere gorroto gertakarien erregistroan gorabeherak daudela, delitu horiek zifra beltz handia jasaten dutenez, ezin da jakin biktimizazioaren benetako irismena zein den, ezta 2019an burututako gorroto-delituen kopurua benetan jaitsi den ere . Izan ere, ikerketa batzuek, Europako Giza Eskubideen Agentziaren (FRA ingelesezko sigletan) datuetan oinarrituta, zifra beltza %80 inguruan kokatzen dute, nahiz eta erreferentziazko kolektiboen artean aldeak egon.

GORROTO DELITUEN BABESTUTAKO KOLEKTIBOAREN ARABERA

Izaera arrazista edo xenofoboa duten delituak argi eta garbi nagusitzen dira, 2016-2019 urteetan erregistratutako gorroto-delitu gehienak biltzen dituztelarik (n=61; %61). Horien atzetik datoz sexu-orientazio eta identitatearen aurkako delituak (n=15; %15), sinesmen eta praktika erlijiosoen aurkako delituak (n=9; %9) eta ideologia eta orientazio politikoaren aurkako delituak (n=8; %8). Bestalde, dibertsitate funtzionalean (n=3; %3), sexuan (n=2; %2) eta aporofobian (n=1; %1) oinarritutako gorroto-delituek ozta-ozta osatzen dute erregistratutako delituen %6a. Sexu-kolektiboari dagokionez, zehaztu behar da 2019an dela aldagai hori modu autonomoan jasotzen den lehena; ondorioz, mota horretako gorroto-delituen kopurua zuhurtziaz hartu behar da kontuan.

 

Datu horiek urteka banakatzen baditugu, ondoriozta dezakegu arrazakeria - xenofobia kategoria dela nagusi urtetik urtera, nahiz eta kopuru nahiko desberdinekin (2017an eta 2018an ia delitu kopurua bikoiztu egin zen beste bi urteekin konparatuz). 2016. urteari dagokionez, aipatzeko modukoa da arraza-etnian eta sexu-orientazio eta identitatean oinarritutako delituak baino ez direla erregistratu, bai eta hurrengo urteetara arte beste mota bateko gorroto-delituak erregistratu ez izana. Nabarmentzekoa da, halaber, 2019ra arte babestutako kolektibo guztien aurkako delituak erregistratu ez izana.

Ikusi PDFa