ERAKUSKETA: 1970-2020 BURGOS PROZESUA. Frankismoari epaiketa

50 urte betetzen dira aurten Burgosko prozesua izan zenetik. Gerra-kontseiluak bederatzi heriotza-zigor ebatzi zituen epaitutako ETAko hamasei militanteetatik seirentzat, eta guztira 519 urteko espetxealdia ezarri zuen denentzat. Hala ere, nazioartean kasu honek izan zuen oihartzunak eta gizarte-mobilizazioak exekuzioak geldiaraztea lortu zuten, eta hasiera batean militante independentisten aurkako epaiketa militarra zena azkenean frankismoaren aurkako epaiketa bihurtu zen, eta diktaduraren amaiera bizkortu zuen. Baina kasuaren garrantziaz haratago, gertakarien testuinguru historikoa erakutsi nahi dugu. Ezin dugu ulertu duela 50 urte gertatutakoa, 1960ko hamarkadatik aurrera gure herrian eta munduan gertatu zenaren ikuspegi orokorra izan gabe. Gainera, giza eskubideen aldeko alegatua izan nahi du erakusketa honek, duela 50 urte gertatutakoa gogorarazteko, iragana ezagutzeko eta gure memoria berreskuratzeko. Azken hamarkadetan gertatutakoari buruzko hausnarketa egiteko aukera eskainiko digu erakusketa honek.

Markel Olano eta Txelo Ruiz erakusketaren bisitan. Argazkia: UPV/EHU